➤ Atzera
BIZKARREZURRAREN GARRANTZIA MUGIMENDUAREN ERREDUKAZIOAN
Bizkarrezurraren egiturak 3 funtsezko ezaugarri ditu bere funtzioak betetzeko. Bizkarrezurreko egituren bidez zurruntasuna, sendotasuna lortzen du karga axialak jasateko, era berean nerbio sistemaren egitura babesten du (muina / medula, meninge eta nerbioak) eta mugimendu eta malgutasun egokiak lortzen ditu bai enborrean eta baita hanka eta besoetan ere.
Bizkarrezurrean kurbak edukitzeak hobetzen du bizkarrezurraren erresistentzia konpresio axialari eta egonkortasuna eragiten du.
Ikuspuntu tekniko batetik ikusita, bere kurben xedapen fisiologikoa garrantzitsua da bere funtzio egokiarentzat, Kapandjik dionenez, ingeniaritzak frogatu du bizkarrezur baten erresistentzia, kurbatura zenbakiaren karratua gehi bat-ekin dela proportzionala (R= N2+1). 3 kurba mugikor dituen bizkarrezurraren kasuan, hau da, lordosi zerbikala, lunbarra eta toraxeko zifozia dituen bizkarrezurrean, bere erresistentzia 10 aldiz handiagoa da bizkarrezur zuzen batena baino.
Bizkarrezurraren erresistentzi mekanikoa (Kapandji, 1981)
Zuzenketa batera eramaten gaituen bizkarreko patologia baten aurrean, bizkarrezurrak erresistentzia gutxitua duela jakin behar dugu.
Bizkarrezurraren egonkortasuna hezur egituren morfologiak, bertebra-arteko diskoen funtzionalitateak, ligamenduek eta kontrol neurologikoan integratutako muskulaturaren egokitzapenak baldintzatua dago eta horrek postura egokia mantentzea lortuko du. Elementu hauetako edozeinetan gora beheraren bat gertatzen denean, kondizio estatikoak aldatzen dira, bizkarrezurrarekin egindako mugimenduak bizkarrarentzat berarentzat kaltegarriak izan arte. Hori ekiditeko aldaketak eragiten dituzten konpentsazio mekanismoak jartzen dira martxan, hainbat kurba aldatzera iritsi daitezkeelarik, sistema guztia nahasiz.
1992an, Panjabik, bizkarrezurreko egonkortasunak 3 azpi sistemaren pean dagoela definitu zuen. Sistema pasiboa, ligamendu eta hezurdurako egiturak, sistema aktiboa, muskuluen eta bere fasziaren menpekoa eta hirugarren azpi sistema, kontrol motorea. Horrela, artikulazio bat bere eremu neutroan mantendu daiteke, postura egokia energia gastu gutxirekin eta egitura pasiboetan gainkargarik gabe lortuta.
Azterketa berriagoek, 3 azpi sistema hauei beste bat gehitzen die, giza espeziaz hitz egitean baztertu behar ez genukeena, egoera emozionala da, jarreraren kontrolean eta mugimenduan duen eraginagatik.
4 azpi sistema hauek kontutan hartuz lan egin beharko genuke funtzio optimoa izan dezaten. Gorputzarekin egiten ditugun mugimenduak hiru dimentsiokoak eta globalak dira. Eta hauen funtsean postura egokiak eta entrenamendu neuromuskular egokiak egon beharko lukete.